Aitzinsolasa
Orokorrean, edozein herriri buruz zabalduta dagoen ezagutza denboran barna errotutako azaleko ideietan, begirada urrunetan eta aurreiritzi maltzurretan oinarriturik egon ohi da, topiko bilduma aski arina osatuz. Ezagutza ments hau berdin ematen da -arrazoi historiko desberdinengatik- ofizialtasun alorretik landa dagoen zernahi kulturetan; halakoetan, herri autopertzepzioa gutxitua eta ahalkegarria da irudirik hedatuena herritarren artean.
Historia eta hizkuntza ikerketek aspaldidanik frogaturik dute euskaldunok Herriari buruzko ditugun aurre-iritzi arruntak (herri isolatua, zibilizatu gabea, hizkuntza purua, kultura guztiz jatorra…) absolutuki faltsuak direla; baina tamalez, zinezkoago den irudia gizarteratzeko biderik ezean, oraindik herritar gehiengoaren sinismenen parte dira.
Ikerketa serioen eta zabaldutako topikoen arteko amildegia bete nahian, liburu batzuk egitera iritsi gara baina ez da aski, jakina. Horregatik bereziki pozgarria zait, Zenbat Gara eta Ibaizabal Mendebalde kultura elkarteen eskutik, Euskara Jendearen historia azaltzeko osaturiko dokumental sorta hau aurkeztea, liburutik irudi bizietarako jauziak gure Herriaz dugun pertzepzioa hobetzen lagunduko duelakoan.
Xamar